7 dic 2011

Goierriko Hitzan gure eskolaren inguruko artikulua argitaratu dute.

Irratira egin genuen bisita aitzakitzat hartuta, elkarrizketa proiektu honek xede duen dokumentalaren inguruan jarduten du gaur bertan Goierriko Hitzan atera den artikuluak.  Irakurri, merezi du eta!

Elkarrizketa aberastasuna da.
Badirudi bukatzen ari direla ikastetxeetan maisu-maistrek lezioa eman, eta ikasleek entzun eta kaskezurrean iltzatu behar zuteneko garaiak. Dagoeneko ez dira liburuak eta papera bakarrik, gainera, lanketarako erabiltzen diren bitarteko bakarrak. Teknologiak erraztuta, gailu digitalak, ikus-entzunezkoak eta grabagailuak ere ikasgelako maizter dira.
Olaberriko herri eskolan dago adibide bat, Lehen Hezkuntzako neska-mutikoek unibertso berria ezagutu dutelako, bai aurreko ikasturtean, bai oraingoan, Olaberria Telebista egitasmoaren aitzakian. Dokumentala prestatzen ari dira, irakasleen laguntzarekin, eta Gabon bezperan eskolan aurkeztekotan dira.
Elkarrizketa du osagai eta mami esperientziak. Haurrak galdetzaile jarri, eta gurasoak, aitona-amonak, herriari buruz jakingarriak konta diezazkieketen edonor jarri dute kamera aurrean. Ikasgelan landu dute, irailaz geroztik, dokumentala egiten hasi aurreko guztia: egunkari pusketak moztu, elkarrizketaren sekretuak ezagutu…

Haurrak, elkarrizketatuak.
Proiektu zabalagoaren parte da Olaberriko haurrak garatzen ari diren egitasmoa. Kuttun guraso elkartea ere partaide dela, Olaberria Zeba zenekoa lanaren jarraipena da —Eusko Jaurlaritzak emandako Hezkuntza Praktika Onen lehiaketan hirugarren saria jaso zuen lan hark— . Herriaren eta herritarren kontakizunak txatalka hartu, eta Olaberriaren historia osatzea da egiteko goren, haurrak egile eta ahalik guraso gehien laguntzaile direla.
Elkarrizketak hartu-emaneko izaera duenez, mikroaren atzeko lanean jarduteaz gain aurrealdean ere jarri behar izan dute Olaberriko eskola-umeek. Irrati batera joan, eta mikroan zer-nola aritu behar den probatu dute.
Azaroan egin zuten bisita Zumarragako eta Urretxuko KKinZona irrati librera, hango gazteek martxan jarritako komunikazio proiektuaren fruitua beren eginez. 35 minutuko saioa ikastetxearen webgunean dute entzungai.

http://goierriekialdea.hitza.info/2011/12/07/elkarrizketa-aberastasuna-da/


Milesker hemendik artikuluaren egile den Aimar Maiz eta laguntzaile izan dugun Alex Areizagari ere!

No hay comentarios: